Psikomotrizitate praktikaren helburua haurrei arreta handiz aztertu eta prestatutako espazio bat eskaintzea da, garapen nahikoa osasuntsua izateko beharrezkoak diren heltze psikologikoko prozesuei aurre egiteko baliabide propioak garatu ahal izan ditzaten.
Espazio horretan, pertsona/profesional bat dago, eta formakuntza sendoa eta zorrotza du hainbat jarreratan, hala nola entzumenean, enpatian, laguntzan, harreran, sostenguan, segurtasunean eta ekintzei eusteko gaitasunean, haurren mugimenduan eta jolasetan, bai eta haien ulermenean eta zentzuan ere.
Zertan datza heltze psikologikoa? Ekintza, jolas eta mugimendutik pentsamenduaren sorrerara doan prozesua da, hots, umea mundu sinbolikora iristeko prozesua. Umeak bere irudikapen mental kontziente eta inkontzienteak garatzen ditu bere ekintza, sentsazio eta emozioen bitartez.
Horretarako, psikomotrizitate praktika espazio eta denboren pedagogian oinarritzen da. Umeak “jolasteko eta mugitzeko plazerretik pentsatzeko plazerrera” doan prozesua garatu dezake psikomotrizitate gelan. Gela hori aberatsa, anitza eta kolorez beterikoa da, eta heldu batek adi jasotzen eta eusten ditu umeek ekoizten dutena: euren zailtasunak, beldurrak, aurkikuntzak, desioak, plazerra eta emozioak. Era aktibo eta enpatikoan laguntzen du helduak umearen heltze prozesua.
Horregatik guztiagatik esan dezakegu psikomotrizitate praktikak pertsonen garapen harmonikoa laguntzen duela, joko espontaneotik norberaren identitatearen hazkuntza eta garapen prozesuak estimulatzeko baliabide pribilegiatua baita.
