Berriak
ASEFOPen 40. Nazioarteko Topaketa: Hezitzeko hezitzen
- 2020 February 11, Tuesday
- Posted by: admin
- Category: Berriak

Otsailaren 5etik 9ra, Europako Psikomotrizitate Eskolen Elkartearen (ASEFOP) 40. Nazioarteko Stage-an parte hartu genuen. Aurtengo topaketaren izenburua “Elkarreraikitzea norbera eta gainontzekoak eraldatzeko (“Co-construir para transformar-se”) izan da. Stage horretan, ASEFOP eskoletako formatzaile eta irakasleak elkartu gara, gure ezagutza eta tresnak eguneratu eta partekatzeko, hori baita gure lana hobetzeko gakoa. Gainera, hezitzaile izateko prestatzen ari diren partaideak ere egon dira. ‘Formatzailegaiak’ dira horiek, eta irakasle lanak egiten dituzte jada euren eskoletan.

Aurtengo topaketa Bartzelonan izan zen, eta anfitrioia Associació per l’Expressió i la Comunicació (AEC) eskola izan zen. Stage-aren 40. urteurrena ospatzeko, AEC eskolak bisita bat antolatu zuen Bartzelonako Unibertsitate Publikora. Izan ere, eskola kataluniarrak bi graduondoko antolatzen ditu bertan: bata “Experto en práctica psicomotriz educativa y preventiva” izenekoa (3. edizioan daude orain) eta bestea terapiaren ingurukoa (1go edizioa dute martxan).
Miquel Robertek (Hezkuntza Zientzietan doktorea eta Heziketa Fisikoko Departamentuko irakasle titularra) eta Martina Kielingek (Hezkuntza Fakultateko irakasle elkartua eta nazioarteko ikasleen tutorea) egin ziguten ongietorria eta bisita gidatua egin ziguten unibertsitatean zehar.
Berrogei urte hezitzen
ASEFOP elkartearen topaketek 40 urte bete dituzte 2020 urtean. Bertako kide garen eskolek (Belgika, Alemania, Italia, Katalunia, Madril eta Euskal Herrikoak) urtero elkartzen gara ikasi eta desikasteko, gure lanaren inguruko esperientziak partekatzeko, kolaborazio espazioak sortzeko… Baina hori baino askoz gehiagorako balio dute ere.
‘Stage’ horietako ekintza nagusietako bat etengabeko formazioak dira. Formazio pertsonala egiteko adituak gonbidatzen ditugu, tresna berriak bereganatzeko, ez psikomotrizista gisa (nahiz eta horretarako ere balio duen), baizik eta formatzaile gisa. Gure azalean bizi ditugu formazio horiek eta ondoren taldean hausnartzen dugu horien inguruan.
Aurtengo formazioa ‘Gorputza eta idazketa: Eraldatzeko jolastea’ (‘Cuerpo y escritura: Jugar para transformarse’) izan da eta Daniel Calmels eta Mara Lesbeguerisek gidatu zuten. Calmels idazlea eta psikologo soziala da, eta gorputz lanen, literaturaren eta poesiaren inguruko hainbat liburu idatzi ditu. Lebesgueris psikomotrizista eta heziketa fisikoko irakaslea da, eta liburu eta artikulu ugari idatzi ditu. Haiekin egindako gorputz eta poesiari buruzko heziketari esker, hezitzaile giza eboluzionatzeko tresna berriak bereganatu genituen. Tresna horiek gure psikomotrizitate saioetan haurrekin erabiltzeko ere balioko digute.
Topaketa horietan gure barne funtzionamendua aztertzen dugu ere. Horretarako, Pariseko Association pour la Gestion des Activités Sociales et Psychologiques (AGASP) elkartearen laguntza dugu. Françoise Inizan etorri zen oraingoan AGASPen izenean, kanpo begirale gisa ASEFOPen kudeaketa hobetzen laguntzeko eta aurrerapenak egiten jarraitzeko.

Azkenik, ”stage’ horietan ‘formatzailegaiek’ ere parte hartzen dute. Aurten haietako hiru bilakatu dira formatzaile, eta ASEFOPeko taldea handitzen jarraitu dadin espero dugu, belaunaldi eta psikomotrizitate proposamen berriek tokia izan dezaten.
Luzaro, ezinbesteko partaide
Luzaro Psikomotrizitate Eskolak partehartze nabarmena du topaketa horietan. Aurten, Luzaroko bost kidek parte hartu dugu:
- Álvaro Beñaran, formatzailea eta ASEFOPeko Presidentea.
- Rikardo Acebo, formatzailea eta Eskolen Komisioko koordinatzailea.
- Ion Pérez de Arriluzea, formatzailea eta Formatzaileen Komisioko kidea.
- Iker Amezaga, formatzailegaia eta Stage-ko Komisioko kidea.
- Olalla Aurrekoetxea, formatzailegaia eta Stage-ko Komisioko kidea.
Gainera, Luzaro ‘stage’ horien anfitrioi izan da hainbat alditan. 2017 eta 2018 urteetan antolatu zituen azken aldiz, Bilbon.
Zergatik uste dugu garrantzitsua dela aktiboki parte hartzea halako topaketetan? Gero eta mundu globalizatuagoan bizi gara eta, beraz, beharrezkoa iruditzen zaigu sinergia eta elkarlan eremuak izatea beste formatzaileekin nazioarte mailan. Europako elkarte batean parte hartzeak psikomotrizitatearen inguruko profesional honenak ezagutzeko eta adituekin formatzeko aukera ematen digu.
‘Stage’ horiek ere ezinbestekoak dira parte hartzen dugun eskolek formazio sistema amankomun eta koherente bat izan dezagun. Esperientziak partekatzeari esker, geure burua eta gainontzekoena aberasten dugu eta sendotasuna ematen diogu psikomotrizitate praktikari.
Topaketatik haratago
‘Stage’-etan parte hartzeko beste arrazoi garrantzitsu bat da ez direla ekimen isolatuak. Topaketa horiei esker, eskola eta profesionalon arteko lotura indartzen dugu, eta horrek kolaborazio eta partekatze bide berriak irekitzen dizkigu urtean zehar. Pasa den urtean, esaterako, ASEFOP elkarteko hainbat hezitzaile izan genituen gure formazioetan, oso aberasgarria baita Luzarorentzat zein ikasleentzat.
Maitasunez gogoratzen dugu Katty Homarrek egin zigun bisita 2019an, formazio pertsonalari buruzko saio bat egiteko Psikomotrizitate Laguntzako VII Formazioan. Hain zuzen ere, psikomotrizitate terapiak 2005ean hasi genituen eta ordutik egin dugu apustua urtero beste eskoletako formatzaileak ekartzeko. Burura datorkigu ere ASEFOPeko hainbat kideren partaidetza XIV. Psikomotrizitate Jardunaldietan.

Eskerrik asko guztiei afizioa eta ofizioa elkarbanatzeagatik. Alemanian ikusiko dugu elkar datorren urtean!



