Berriak

Egunotan, etxetik hausnartzen ari garela, ume txikienen inguruan hitz egiteko premia antzeman dugu (hots, urtebete baino gutxiago duten haurrak). Horregatik, ondorengo testuetan, gai horren inguruko hausnarketa anitz topatuko dituzue.
Badakigu ez dagoela hezitzeko eta gauzak egiteko eredu bakarra, benetakoa eta zuzena dena, baina badaude zalpaldu behar ez ditugun marra gorriak. Gizakiak garenez gero, inperfekzioan mugitzen gara, baina horrek ez du esan nahi denak balio duenik.
Ume txikiei dagokienez, bizi dugun “konplexutasun emozionalagatik”, eta jaioberria den edo oso txikia den umea badugu gurekin zailagoa izan daiteke. Lehendabizi, badago arriskua umea “erabiltzeko” tentsio emozionalak edo afektiboak konpentsatzeko, bideratzeko edota horietatik babesteko baliabide bezala.
Badakigu ere, soberan, ume txiki batek bere bizitzaren lehenengo hilabeteetan biziko duena oinarrizko elementua izango dela bere pertsonaren eraikuntza eta garapenean. Horregatik, maitasun eta lasaitasunez zaindu behar dugu. Antsietatea eta agresibitatea ez dira lagungarriak. Ezta abandonua, tratu txar eta zorrotzak, “gainbabesaren inbasioa” edota “gainestimulazioa”.
Ume txikia babestu behar dugu zaintzen duten helduen tentsio emozionaletatik.
Besarkatzeko garaia da, laztanak egiteko, hitz egiteko, abesteko, sehaskatzeko, begiratzeko, irribarre egiteko, jolas txikiak egiteko, eta errespetu eta maitasun askorekin tratatzeko ekintza guztietan: bainatzean, pixoihala aldatzean, etab. Lasaitasunarekin, ahal den neurrian.
Subjektu bezala tratatu umea, objektu bezala beharrean (batzuetan, pixoihala aldatzean, estali eta ireki behar den fardel baten antzera tratatzen ditugu). Orain, beharbada, ez dugunez horrenbesteko presarik, aprobetxatu dezakegu zaintza bilakatzeko momentu bakoitza, umearekin komunikatzean, jolastean eta elkarrizketan aritzean.
Azkenik, garrantzitsua da honakoa ezagutzea, berriz kalera irteteko eta beste pertsonekin topatzeko unea iristen denean kontuan hartzeko: 5-8 hilabeteen arteko tartea oso esanguratsua da ume txikien bizitzan, orduan hasten baitira heldu ezagunak eta ezezagunak ezberdintzen, eta “arrotza denari beldurra” izaten hasten dira (defentsa biologiko interesgarria da hori). Horrek esan nahi du heldu zaintzaileok kontuan izan beharko dugula, itxialditik ateratzean, kalteberatasun handiko egoeran egon daitezkeela, “kanpoko errealitatearekin” eta pertsona “arrotz” askorekin topatuko direlako. Antsietate gabe baina sentsibilitate askoz zaindu beharreko egoera izango da hori.
Jarraituko dugu…



