Berriak
Ume txikiak eta itxialdia: Hausnarketa gehiago
- 2020 April 16, Thursday
- Posted by: admin
- Category: Berriak

Jarraitzen dugu ume txikien eta itxialdiaren inguruko hausnarketak egiten…
Nahiz eta batzuetan “ume txikiaz” hitz egiten dugun “ume txiki” izateko modu bakarra egongo balitz bezala, badakigu ume txikien artean ezberdintasun asko daudela. Beraz, heldu zaintzaile bakoitzak bere ume txikia entzuten eta ulertzen saiatu behar da, nola dagoen jakiteko eta harekin bat egiteko. ‘Guztiontzako kafea’ delakoa ekidin behar dugu; interneten dauden ume txikien garapenari buruzko teoria generalistak ekidin behar ditugu, alegia.
Ume txikiak subjektu aktiboak dira haien bizitzaren lehenengo momentutik (badira amaren barruan jada). Batzuk oso urduriak dira, beste batzuk pasiboagoak, batzuk “oso errazak”, beste batzuek osasun ahula edota paregabea dute… Hori dela eta, modu ezberdinean azaleratuko dituzte emozioak, mugimenduak, negarrak, oihuak, keinuak… Horregatik, heldu zaintzaileak haiekin egiten duenak eragin ezberdinak izango ditu: ume txiki batzuk erraz lasaituko dira (eta hori oso atsegingarria da helduarentzat), baina beste batzuk lasaitzeko zailak izango dira (eta horrek zalantzan jartzen du heldua, frustrazioa, ezintasuna eta, batzuetan, haserrea edota agresibitatea eragingo ditu, pasa behar ez den lerro gorria pasatzeko arriskua sortuz).
Ezin dugu ahaztu, ume txikia den bezala ere, inoiz ez dela erantzule edo “errudun” izango horregatik. Helduari dagokio bere burua erregulatzea, ume txikiaren bizitza eta ongizatea erregulatzen laguntzeko. Eta horrek esan nahi du heldu zaintzaileak emozioak bideratzeko baliabide eta laguntza bilatu behar duela bere baitan eta “helduen harremanen” munduan. Bere ume txikiaren ongizatea bermatzeko zaintza-erantzun aproposenak bilatu behar ditu.
Gogoratu bizitzako garai horretan oinarrizkoa dela sentsazio atseginak nagusitzea bizitzaren dinamikan, eta ez sentsazio desatseginak. Horren gainena eraikiko da psikismoa.
Ume txikiaren mundua geure beso/gorputz/begirada/irribarre/maitasunaren, sehaskaren eta lurraren artean dago (oinez jarri arte). Atsedenaren eta ekintzaren artean.
Geure burua zaind behar dugu ume txikia zaintzeko.
Jarraituko dugu!



