Berriak
Kirolaren Lege berriak LUZAROren eskaera jaso du eta psikomotrizitate-jarduerak sartu ditu 0-6 urte bitarteko eskola-kiroleko programetan
- 2023 September 30, Saturday
- Posted by: admin
- Category: Berriak
Rebeka Ubera gure ikasle ohiak eskatuta, Luzaro Psikomotrizitate Eskolak agerraldia egin zuen Eusko Legebiltzarrean, Euskal Autonomia Erkidegoko jarduera fisikoaren eta kirolaren lege-proiektua aztertzeko.

Gure ekarpena bi norabidetan orientatzen da: Lehena, gizakiaren faserik psikomotorrena kontuan hartzea da, 0 eta 7 edo 8 urte bitartekoa, autore askok deskribatzen duten bezala. Hau da, fase erabat globala da adin goiztiarrago horietan, eta erabakigarriak izango dira ondorengo garapenean. Ekintza, mugimendua eta jolasa dira bizitzako lehen urte hauetako oinarrizko tresnak, 7 edo 8 urte horien inguruan haurra pentsamendu logikora iristen den arte eta baliabide horien zentzua eta garrantzia birkokatzen joango den arte. “Globala” kontzeptuarekin esan nahi dugu haur batek bere burua osotasun gisa ikusten duela, bere alderdi fisikoak, afektiboak edo kognitiboak bereizi gabe. Ikuspegi hori funtsezkoa iruditzen zaigu eskola eta hezkuntza-erakundeetan, haurrak zaintzeko.
Zaintzaile helduekiko (kasu honetan, hezitzaileekiko) harremana eta komunikazioa oinarri izango dira beharrezkoa den segurtasun- eta konfiantza-giroa eraikitzeko, haurrek ekintza, mugimendu eta jolas horiek garatu ditzaten, bai eta beste haurrekiko harremanak eta komunikazioa progresiboki lortu ditzaten ere.
Bigarrena, eta kontzepzio horretatik abiatuta, adin horietara gehien egokitzen den lanketetako bat psikomotrizitatea dela egiaztatzea da. Izan ere, FAPeek definitzen duen bezala, “diziplina hori, gizakiaren ikuskera integral batean oinarrituta, ezagutzaren, emozioaren, gorputzaren eta mugimenduaren artean ezartzen den elkarreraginaz arduratzen da, bai eta pertsona garatzeko duen garrantziaz eta testuinguru sozial batean adierazteko eta erlazionatzeko duen gaitasunaz ere”. Psikomotrizitate-saioek hazteko, ikasteko, elkar ezagutzeko eta mundua ezagutzeko gogoa eta motibazioa ematen diete haurrei, besteekin komunikatzeko, eta nortasun sendoa garatzen dute, balio sozial eta komunitarioekin. Eta hezitzaileei, berriz, tresna argi eta egituratuak ibilbide konplexu horretan laguntzeko.



