Berriak
Itxialdia ume txikiekin: Orekaren bila
- 2020 April 18, Saturday
- Posted by: admin
- Category: Berriak

Itxialdi garaiotan, ume txikien bizitzaren eta zaintzaren inguruan hausnartzen jarraitzen dugu. Gaur oreka bilatzeari buruz hitz egingo dugu: harreman zuzenaren (‘gorputzetik gorputzera’ egiten dena, ume txiki eta heldu zaintzaileen artean) eta umetxoen ‘ekintza autonomoen’ arteko orekaz arituko gara, hain zuzen ere.
Baina, lehendabizi, gogorarazi nahi dugu ume txikiek kaleko airea arnasteko sistemak bilatzea garrantzitsua dela. Badirudi aukera hori, azkenik, iritsiko dela… ikusiko dugu.
Zer gertatzen da gizarte honetan? Zergatik kostatzen da horrenbeste soluzioak topatzea zaharrekin, edo gaixorik edota hilzorian ditugun senideekin egon ahal izateko eta txikienen oinarrizko osasuna zaintzeko? Eta zergatik kostatzen da horren gutxi gerretarako milioika euro eta baliabide mugiaraztea horren azkar?
Beno, hitz egin dezagun esandako gaiaren inguruan…
Ume txikiek haien segurtasun eta ongizate osoa aurkituko dute heldu zaintzaileen zaintza maitekorretan eta beso beroetan, baita atseden indarberritzaileetan ere. Hori da ume txikien existitzeko eta hazteko desioaren motorra martxan jarriko duen gasolina. Beraz, helduaren gertutasuna bilatzeko eta kanpora begiratu eta abiatzeko baliabideak aktibatzen joango dira.
Eta heldutzeko prozesuek bat egingo dute horrekin, gaitasun sentsorial eta motrizak indartuz eta zabalduz, eta gero eta aukera aberats eta konplexuagoak eskainiz.
Ume txikiak, jada aipatutako bost/zortzi hilabete horietara arte (irakurri lehen testua), “euren gorputzetan” dihardute, eta euren biologiak eskaintzen dien baliabideekin ekiten diote, helduen arretarekin. Arreta hori jada ez da soilik biologikoa (ez datza behar biologikoak asetzean soilik); “humanoa” eta “humanizatzailea” da (ume txikia maitatzea, afektua ematea, subjektu eta solaskide onargarri gisa tratatzea, “elkarrizketa” zoragarriak izatea, “giza-izaera” horri balioa ematea).
Bost/zortzi hilabete bete ondoren, ume txikiek haien baliabideak aktibatzen dituzte, heldu zaintzailearekin izandako harremanean oinarrituta, sentsazio, bizipen eta bestelakoen iturri garrantzitsua delako.
Lotura eta banaketaren arteko jokoa hasten da, gertutasun eta urruntasunaren artekoa, dependentzia eta autonomiarena (garapen globalaren dinamikan, ez da kasualitatea gaitasun motrizak gaitasun psiko-afektibo eta kognitiboekin topatzea). Joko hori ume txikiak gorputza gehiago mugitu dezakenean hasten da, jarrerak aldatzean, espazioan alde batetik bestera joatean… betiere lurretik gertu (buelta eman, arrastaka aritu, eseri, lau oinean ibili…). Ondoren, gorantz joateko gura iritsiko da, bertikalean aritzea, eta gaitasun berri hori beste humanizazio sinbolo bat da.
Heldu zaintzaileek emandako segurtasuna oinarri izanik, ume txikiek espazioarekin, objektuarekin eta, noski, haien gorputzarekin topatzea ahalbidetu behar da (lasaitasunez, presarik gabe, aurreratu edota behartu gabe, gain-estimulatu edota trebatu gabe, “ikasarazi” gabe), etengabeko interakzioan.
Ume txikien autonomia onartzeaz ari gara, haien gaitasunetaz fidatzeaz, eta haien mugimendu eta ekintzen buru izaten hasteaz. Horrek gaitasun eta baliotasun sentimenduarekin garatzea ahalbidetuko die, eta etorkizuneko izaeraren oinarri izango da.
Hurrengo testuan, ume txikien gaitasun motrizen garapen autonomoa nola lagundu aztertuko dugu. Ezinbesteko aipamena egingo diegu Emmi Pikler eta Bernard Aucouturier adituei, erreferente baitira ume txikien autonomia errespetatzen duten hezkuntza-ikuspegien artean.



